Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

62

 

Eta ez al dira hitzak belarri gozagarri? Euskaldunok munduan ez dugu parerik. Euskalduna, mando. Lanerako da jaioa.

        «Es un ejemplo continuo de entereza vocacional y seriedad en el trabajo que, en Estados Unidos, se aprecia más, quizá, que en nación alguna del mundo. Por eso el Gobernador de Nevada, en su discurso en el Festival, dijo que al vasco se debía, en gran parte, el progreso moral y el desarrollo material del Oeste americano, hoy floreciente y en fase de rápido crecimiento demográfico».

        Besteren izerdi, mila marabedi.

        Hamaika istorio nago entzunik. Istorio artean, historia dira asko. «Sí, soy vasco de Navarra» esaten zuen Facundo Amoztegi harena bezala. Artzainaren historia galdua, beste euskaldun batek kontatua.

        «Gerlach-en bilatu nuen nik hura, hemen, Nevadan, Lovelockera 2.000 ardirekin zihoala. Arratsaldea zen, ilunabarra. Askotan ibili naiz indioen harriak eta bilatzen, baina orduko hartan fosilak bilatzetik nentorren desertutik, Black Rocketik. Kaminoan kotxean nentorrela, ardiak ikusi nituen muino magalean. 2.000 ardi erraz ikusten dira urrutitik ere! Dena zuri-zuri, elurra eginda egon balitz bezala. Eta Gerlach paraje hartan, eta 2.000 ardi... seguru jakin nuen artzaina euskalduna izango zela. Eta geratu egin nintzen. Geratu, eta muinoan gora abiatu, haren aldera. Eta nire boza entzuteko bezain hurre geundela iruditu zitzaidanean, hots egin nion:

        — Euskalduna?

        — ¡No hablo vasco! —esan zidan.

        — ¿No eres vasco? —nik, orduan.

        — Sí, soy vasco de Navarra.

        «Facundo Amoztegi zen. 'No hablo vasco!', holaxe esan zidan. Eta holaxe lagun egin ginen. Naparra zen, baina shit!, ze herritakoa? Kaka zaharra! Ez zait akordatzen... Zaharra zen, gure baino zaharrago. Ordurako, euskalduna utzita zegoen ardia. Konstrukzioan ari ginen denak. Facundorekin ere horixe egin nuen: arditik atera nuen eta konstrukzioan ipini nuen lanean, gurekin. Ardia ez zen bizimodua! Ikusi nuen lehenengo egun hartan ere hotz egiten zuen gero! Ni kotxe barruan, epel-epel, txaketa handia jantzita eta, hura, berriz, txaketatxoarekin! Gerlachetik Lovelockera zetorren, negua pasatzera. Lovelockeko arrantxeroek alpapa ebakita zuten ordurako eta akordioa eginda zeukaten artzainekin ardiak beraien larreetan bazkatzeko. Espilen ardiak zekartzan Facundok, Espil euskaldunarenak. Famatua izan zen hemen Espil, ardi asko eduki zituen!

        «Hortaz, konstrukziora ekarri nuen Facundo. Oso langilea zen, gogorra eta saiatua. Nafarra izan! Nik ezagutu ditudan napar denak oso langile onak izan dira. Braña eta. Naparrak finak. Bizkainoak baino hobeak lanean. Eta Facundo ere langile ona, baina ingelesik ez. Eta ezin ikasi eta ezin ikasi! Nire ondoan tokatzen zenean, lagundu egiten nion. Baina bakarrik edo gaztelaniaz ez zekien jendearekin tokatzen zenean, komeriak! Obrako maiordomoarekin ere ezin komunikatu! Eta lanik gabe utzi zuten. Eta Espainiara joan zen.

        «Eta ez dakit bizi den, ala hil zen. Ez dakit. Hemen inork ez daki. Baina badakigu jaio zen herritik Iruñera joan zela bizitzera, eta etxeak erosi zituela bertan. Diru pixka bat gorde zuen hemen lan egin zuen bitartean. Urte askoan egin zuen lan artzain, eta dirua! Konstrukzioan ez zuen dirurik egin, denborarik ere ez zion eman, urte bat besterik ez zuen lan egin eta! Facundok ingelesik ez zuen ikasi, eta konstrukzio konpainiako maiordomoak gaztelaniarik ez... Sikiera, maiordomo euskalduna tokatu izan balitzaio! Baina hobe dugu euskaldunak ez aipatzea ze ezagutu ditugu konstrukzioan maiordomo euskaldunak eta gaiztoak izan dira euskaldunekin, oso gaiztoak ere!».