Aurkibidea
Aurkibidea
32
Aurretik behin ere ez bezala, gizon haiek Reno eta Sparksera, Nevada, etorri ziren joan den asteburuan, bere andre eta seme-alabak hartuta. Hamabi estatutatik etorri ziren: Battle Mountain eta Buffalotik, Blackfoot eta Butte-tik; Eureka eta Red Bluff eta Los Banos, Puente, Pocatello eta Plentywood-etik; Madeira eta Mountain Hometik, Yakima eta Grants Pass eta Shoshone-tik. Era honetako izenak zituen jendea: Echeverria, Yparraguirre, Goiatiandie, Urresti eta Etchemendy. Eta bildu zirenean, 5.000 baino gehiago ziren.
Sekulako pozak eta harro etorri ziren, bai gazteak eta bai edadetuak. Greyhound autobusak 30 gaztetxo ekarri zituen, La Jota dantzari eta musikariak. Ostiral arratsaldean, seietan, irten ziren Boiseko euskal kolonia aberatsetik eta, esaterako, bidean igaro zituzten herri guztietan egin zuten dantza: Caldwell, Nampa, Jordan Valley, McDermitt, Winnemucca, Lovelock. Larunbata zen, goizeko seiak, Renora heldu zirenean, eta bigarren belaunaldiko euskaldun hauek bi orduko loa egina izango zuten, onenean ere, baina dantzari heldu ziren hala eta guztiz ere. Herrian, aireportura, etortzekoak ziren agintariei abegi egitera. Larunbat gau osoa, igandea eta igande iluntzean, gona gorriak eta gerruntze beltzak, alkandora eta galtza zuriak eta gerriko gorria airean, ahotsak txilio karrankariak eginez mendeetan zehar beren arbasoek mendietan bata bestearekin hitz egiteko egin zuten bezala. Horien aldean, konfederaziokoek eta komantxeek egiten zituzten gerra-orroek lo-kanta itxura dute.
Ostiral iluntzean eta larunbatean euskaldunak Renora eta inguruko bi herritara heldu ziren. Renon, Santa Fe-ra joan ziren; Gardnerville-n, Overland eta Pyrenees-etara, hirurak ere euskal hotelak baitira, eta Renoko eta Sparkseko gainerako hotel eta moteletara joan ziren, eta beraien familia eta senideetara. Larunbat eguerdia zenerako, jaialdiko arduradun Peter Echeverria Renokoak, 35 lehengusu zituen, gutxienez, hizketan, jaten eta dantzan, pozik, bere etxe inguruan, eta euskal hotelak bapore betean ari ziren, ardoa eta picon punch-a edarraka zebilen doan. Larunbat iluntzean, euskal hotelak balantzaka hasi zirenean La Jota musikarekin, euskaldun ospetsuak Sparks Nugget Casino-n bildu ziren, ohorezko afaria aitzakia. Washingtondik Espainiako enbaxadorea etorri zen semea eta alaba lagun harturik, hirurak ere euskaldun puru-puruak baitira, eta Frantziako enbaxadore Herve Alphand, bere emaztearekin. New Yorketik, gonbiterik gabe eta bere gobernuaren gastuen kontura, gizon moztaka, masail-gorri eta sutsu bat etorri zen, Juan Oñatibia, «The Basque Delegate in the USA» eta atzerriko euskal gobernuaren ordezkari ofiziala. Larunbat-igandeetan, jaka berde argi bat jantzi, txapela urdina eta galtza zuriak, Oñatibia jaunak musika eta tradizioa politikarekin nahasi zituen, antzinako hiru zuloko txistulari (euskal flauta) eta tambor (euskal danborra) jotzen zituen bitartean dantza zaharrenetan. Eta Bilbotik, Espainia, bertarainoko bide luzean, On Castor Uriarte etorri zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Akademiaren izenean, ile-zuri eta ontasun handiarekin. Apaltasuna ekarri zuen («asko dira nik baino gehiago dakiten akademia kideak, baina neu nintzen hona etortzeko dirua zeukan bakarra»), eta kaseteak, antzinako musikaz beteak, tartean «Guernika Arbola», nazio zirenean haren azpian egiten baitzituzten legeak euskaldunek, eta gutunazal bat, barruan debozioz zaindutako hostoak zeuzkana, aipatutako arbola handiarenak. Jaialdi osoan zehar ez zen izan On Castor baino gehiago mugitu zena On Castor, begiak bustirik askotan, eta ez zen izan adostasuna hark baino indar handiagoz adierazi zuena Peter Echeverria presidenteak afari ofizialean zera esan zuenean: «hemen ez da inor pertsona gorena ez denik».
Jonathan Rinehart. Ez dago jakiterik nor zen ere. Kazetari zaildua ala gizajoa? Jaialdiaren kronikarik zehatz, bizi eta osoenetakoa idatzi zuen. Bazuen zerbaiten esperoa. Haren nahia: «written, hopefully, for the edification of the editors of Time, the Weekly News magazine».
For the edification. Arrastoan sartu nahi zituen, bide onera ekarri. Zergatik?