Aurkibidea
Aurkibidea
1959
Omar Al Abdallaouj 1957an atxilotu zuten lehenengo aldiz. Rifen gertatuak eta gero. «Gertatuak», politikariek hain maite duten eufemismoa. Erabilera anitzekoa. Denetarako balio duena.
Omar Al Abdallaouj 1957ko azaroaren 7an hartu zuten atxilo, gau ilunean, 10etan, Alhucemetan. Hiriko polizia Omar ikasten ari zen institutu erlijiosora sartu eta eraman zuen. Komisaria zaharrera zuzen. Hiru egun zuloan. Era guztietako krudelkeriak egin zizkioten. Handik atera, begiak bildu, eskuak lotu eta beste tortura leku bat probarazi zioten Aidir-en. Denetara hogeita hiru egunez eduki zuten zulo beltzean, traturik gorriena eman zioten, torturarik beltzena. Tartean, beste preso bat ikusteko modua izan zuen: Omar Temsamani. Honi egindako torturen berri jakin zuen: ur irakina bota zioten gorputzera, eta zartailuarekin zirti-zarta zigortu. Gainerateko atxilotuak izutzea zuten asmoa.
Abdallaouj-k sei hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen, propaganda banatzeagatik. Haren ogena, Independentziaren Aldeko Alderdi Demokratikoaren aldizkaria eskutik eskura banatzea: Arrave Al Am (Iritzi publikoa) legez kanpoko kazeta.
Kondena bete eta etxera, Boussaleh-ra itzuli zen Abdallaouj. Ez betiko, hala ere. Handik laster, Erregearen Indar Armatuak joan zitzaizkion bila. Beni Hdifa-ko kartzelara eraman zuten. Torturak berriz ere, zazpi egunez. Hurrena, Tarquist-eko presondegi militarrera eraman zuten. Ia goseak akabatu arte eduki zuten. Hebain-hebain egin zuten berriz, hiru hilabetez. Martxoak 29 zituen egun batez askatu zuten beste zenbait presorekin batera. 1959an.
Omar Al Abdallaouj-k 67 urte ditu eta osasun makaleko bizi da, aspaldi.
Egun, Marokoko Gobernuak Rifeko amazightarrak zigortzen segitzen du. Armadako buru berriek ez dute dotrina aldatu. Herrialdeko lurralderik pobreenak bere burua jasotzera jotzen du alditik aldira. Azkena, 2005ean. Intifada izan zen maiatzean. Ibilaldi baketsua, protestan. «Eta etorri ziren militarrak, etorri ziren poliziak, etorri txakurrak... Hango jendea txikitu beharra! Betikoa! Egurra? Hebain-hebain egin zuten jendea, eta, gainera, irain eta laidoak: 'Zer nahi duzue? 1959an gertatutakoa berriz gertatzea? Ez al dakizue, ala? Ohean pasa genituen zuen amak! Ez zarete zeuen aitaren umeak! Orduan zuen amak bortxatu genituen eta atzera berdin egingo dugu zintzo ez bazarete portatzen! Hori nahi al duzue?'». Bilbon bizi den riftarrak istiluen berri izan, etxera telefonoa jo eta kontatu ziotena da.
«Zer nahi duzue? 1959an gertatutakoa berriz gertatzea?».
1959an.
«Gertatu».