Aurkibidea
Aurkibidea
22
1959ko ekainak 7. Igande goiza argitsu Renon eta Sparksen. Western Basque Festival. Egun nagusia.
Lehenengo, meza izan da Renoko Saint Thomas d'Aquino elizan. Handik irten eta hilerrira jo dute. Lore eskaintza egin diote Patrick McCarran senatariari: aurreko urteetan Nevadako legebiltzarrean egin zituen ahaleginek ireki zioten euskaldunari atea, Mendebaldera artzain etor zedin.
Hilerritik aparte gabe erakustaldia egin du ardi-txakurrak. Gero, handik Nugget kasinora: mus txapelketa, euskal dantzak, herri-kirolak... eta balseoa ere bai, flamenko taldearen eskutik: «Los Churumbeles de España».
Kasino barruan egin da afaria, ofiziala, bezperan, larunbat iluntzean. Igandean, berriz, 5.000 lagun bildu dira zerupean egin den bazkarian. Batzorde antolatzaileak fin egin du lan. Robert Laxalten arrakasta baliatu du, aldez edo moldez.
Idazleak ehunka eskutitz jaso zituen Sweet Promised Land argitaratu eta gero. Bihotz altxagarri izan zitzaizkion, noski. Orduan, irakurleen gutunek zekartzaten helbideez osatu zuten gonbidatuen lehenengo zerrenda. Abiapuntua. Harrezkero etorri ziren gonbit bereziak, enbaxadoreak, kontsulak, Nevadako agintariak, euskal komunitateetako buru nagusiak... Eta bertan izan ziren denak. Gutxik huts egin zuten.
Gonbidatu ilustreen artean, bat ez zen azaldu: Nikita Khrustxev, errusiar presidentea. Hau ez beste denak Renon ziren 1959ko ekainaren 6 eta 7an.