Aurkibidea
Aurkibidea
63
Nirekiko, puzzlea da Facundo Amoztegiren historia. Amerikara emigratu zuten euskaldun askorena bezala. Puzzlea. Atal bat ageriko da Amerikan, beste atal batzuk bilatu beharra dago Euskal Herrian. Bizitza bat pusketatan.
Facundo Amoztegiren historia Euskal Herritik Amerikara joan eta etorri zirenen historia da. Berez, Mundu Berrian betiko geratu zirenak baino askoz ere gehiago dira atzera itzuli zirenak. Zenbaitzuk dirutu ziren eta baserri eta etxeak jaso zituzten jaioterrian. Galdetu Oronoz-Mugairin. Beste zenbaitzuk diru zorroa egin eta negoziotxoa ireki zuten sorlekuan. Galdetu Gernikan. Gehienak, ordea, Western Ranch Association ardi-nagusien elkartearekin lotzen zituen hiru urteko kontratua amaitu eta etxera ziren, «bost milioiren jabe» gabe. Galdetu Gorritin, Bankan, Alduden...
Amerikan geratu ziren denak ere ez ziren dirutu. Bat baino gehiago, bakar eta mundu honetan bere burua beste inor ez zuela hil zen. Hilerrietara jo besterik ez dago. Boiseko Morris Hill hilerrian, esaterako, hilarria jaso zuten euskaldunen oroimenez. Tartean behin baino gehiagotan ageri da: «Unknown Sheepherder». Euskalduna.
Ezaguna da Yellowpine (Idaho) inguruko hilobi baldarra: zementu puska bat, egur mutur batez «shepherd» inskripzioa besterik ez duena idatzirik. Shepherd euskalduna.
Nevada hiriburuko Carson Cityko hilerriak ere badu adibiderik: «Dionisio 'Pete' Larralde. France. 1896-1971». Euskalduna.
Euskaldun anonimoak.
«Es un ejemplo continuo de entereza vocacional y seriedad en el trabajo que, en Estados Unidos, se aprecia más, quizá, que en nación alguna del mundo. Por eso el Gobernador de Nevada, en su discurso en el Festival, dijo que al vasco se debía, en gran parte, el progreso moral y el desarrollo material del Oeste americano, hoy floreciente y en fase de rápido crecimiento demográfico».
Entzun egin behar!