Poesia kaiera
Poesia kaiera
Idea Vilariño
itzulpena: Garazi Arrula Ruiz
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-28-0
Idea Vilariño
1920-2009
 
 
Poesia kaiera
Idea Vilariño, 2019

XX. mendeko poeta uruguaitar nagusietako bat da Vilariño. Txikitatik etorri zitzaion letra eta pentsamendua lantzeko jaidura. Gazterik hasi zen, bada, poesia idazten —antologia honetako poema zaharrena hemeretzi urte zituenekoa da—, eta gazterik argitaratzen; lehen poema liburua 1945ean kaleratu zuen. 45eko Belaunaldiko kide izan zen Vilariño, sona handiagoa eskuratu zuten gizonezkoekin (Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti) eta beste zenbait emakume idazle handirekin (Ida Vitale) batera. Mikaztasuna sumatzen da bere poema askotan, hala inguratzen duen mundu gaixoaren aurka, nola gizonen nagusikeriaren kontra. Inoiz esan zuen animoz pattal zegoenean idatzi ohi zuela, bestela hobe zuela bizitza gozatzeari heltzea, eta akaso horregatik sumatzen zaio ernegua idazkietan. Dena den, bere maitasun poemak izan dira ezagunenak, bereziki Poemas de Amor-ekoak (Maitasun poemak). Baliabide gutxiri etekin izugarria ateratzea, horra Vilariñoren poemagintzaren dohainetako bat. Lerro laburrak erabiltzen ditu gehienetan, errepikapen bereziak (bere marka argienetako bat), eta uko egiten dio baliabide erretorikoen pilaketaren edo hizkuntza bihurriaren bidez epatatzeari. Poesian soiltasuna zeinen zaila eta, aldi berean, zeinen ederra den erakusten digun poeta horietakoa dugu Vilariño.

kritikak:
Bular joria, Igor Estankona, Deia, 2019-04-13
«Liburua irakurriz-irakurriz ohartu naiz zeinen zabalik uzten dituen maiz poemak, zeinen esanahi aberatsak har ditzakeen edozein piezak. Ahotsa du originala, eta edan arren klasikoetatik edo gura izan arren metrika jakin bati jarraitu, azkenean Vilariñok poesiari libre uzten dio bide berriak urratzen».
Hitza hitzaren truk, Joannes Jauregi, Berria, 2019-04-28
«Saihetsezina da pentsatzea zenbat eta zenbat poeta bikain, idazle paregabe eta zinezko artista ote dauden betiko gizon loriatu, goraipatu eta hain irakurrien itzalpean».