Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

TERTULIA

 

 

Batzuetan hiztun esnatzen naiz.

Berehala antzematen diot

dantzari dabilen

barne-indarrari.

Hiztun esnatzen naizenetan

Kresala kafetegira joaten naiz.

 

Han aurkitzen ditut Eneko,

Joxean, Milagros edota Jokin.

Zein den hizlari hobea

nork jakin!

Zerbitzaria ere

gurekin nahasten da,

kafeak utzita.

 

Bestetan mutu esnatzen naiz.

Isilik utz nazaten

beste desiorik ez da izaten

goiz alu horietan.

Orduan, herria zeharkatuz,

Elurpe kafetegiko

bidea hartzen dut.

 

Han dago neska beltzarana,

gizon iluna, andre goibela

eta zerbitzari uzkurra.

Egunon, berdin,

eta isiltasunaren tenpluan

ez da beste irainik onartzen.

Inork ez du

inor zelatatzen.

 

Behin telebistan agertu nintzen,

eta egoera aldatu egin zen.

Kresalakoak lotsati zeuden,

agian haiek esandakoak aireratzen

hasiko ote nintzen edo.

Elurpekoak, aldiz,

txandarik hartu ezinda,

ni zoriontzeko, ados zertan

eta desados nolatan zeuden

agertzeko irrikan.

Infiltratu bihurtu nintzen Kresalan,

figura bat Elurpen.

 

Hurrengo tertulian

isil-isilik egon nintzen,

solemnitate osoarekin

honakoa esan ondoren:

Dakienak ez du hitz egiten,

mintzo denak ez daki ezer.

Telebistatik bota egin ninduten, noski,

baina berriro nire lekua

eskuratu nuen

goizetan bizitzen

laguntzen didaten tabernetan.

 

Hiztun nagoenetan

Kresalan hartzen dut kafea;

mutu nabilenetan

Elurpen irensten dut

isiltasunaren sakona,

bakerik gozoena.