Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

MUNDUA MAINDIRE BATEAN

 

 

Larrua jotzen duenean

bizitzari zentzu bat

eman diola uste du gizakiak

plazeraren itsumustuan.

 

Gorputzak patuari gaina

hartzen dion unea,

hilezkortasun mezu lehenak

hormona batetik bestera.

 

Bizitza sortzaile deblauki,

pasioen fundatzaile,

askatzen da korapilo

hiltzaile ugari.

 

Misterio baten gunera,

gurasoek gordetzen zutena,

sekretuan iritsi zara

zure espeziekoen muinera.

 

Zeure sorrera argitzen duen

ekintzaren ekintzaile,

haurtzaroko lanbro haietara

nola iritsi zinen ikusgai.

 

Sexua gorputzaren erlojua,

orgasmoak une goren,

gozamenak daki maitasunaz

maitasunak baino gehiago.

 

Larrutan sortzaile zara

—beste batzuen desio,

intziri eta oihu—,

plazer uholdeen eragile.

 

Inork ostu ezin dizun tresna

zeu zara zeuretzat,

errua zelatatuz gero

eta bere mozorro guztiak.

 

Zapore berri bat sexuak

ematen dio egunari,

oroimenean ezdeus erabat,

orainaren menean du indarra.

 

Aingura bat kontzientziara,

hori bere misterioa,

hegaldatzen zaituelako ere

dimentsio sakonagoetara.

 

Jokoaren partaide

eta aktore nagusi,

urrezko zubian zaramatza

batasunik basatienera.

 

Eman eskerrak, besterik ez,

orgasmoaren gailurrean

eternitatea zer den

sentitzen lagundu dizutenei.