Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
METASTASIA
Arbolak astintzen
seinale batzuen bila
gabiltza sarritan,
patuaren hizkera sinbolikoa
ulertu nahian
hostotzaren erdian.
Autobusean zure gustuko kanta
mugikorrean entzuten doan neska
ez ote da zure
betirako bikotea izanen?
Jaisterakoan zerbait
esan ahal diozu,
txiste bat telefonoaren trukean...
Xoxoa agertu zaizu
belardian kantari,
mokoa hori,
duela mende erdi bat
hildako aitona
ote bisitari,
xoxoei kantuan irakasten ziena?
Eskua luzatu dizu kartoi artetik
Afrikako emakumeak,
munduko erruki guztiari deika
haren begi beltzak,
ez ote duzu behingoz
—sarri pentsatu legez—
zure bizitza erosoa
aldatzeko dei bat?
Horoskopoan leitu duzu,
jadanik ba omen dakizu
gogo-ekaitzen erantzuna, horratx!
Bazoaz dakizunaren bila
ameskerietan egotetik
zerbait praktikoa egiten
hasteko orena
iritsi dela sinetsita.