Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

HERRI BATEN HISTORIA

 

 

Arina zen zure nerabetasuna

lizarren azpian paseatzen zenuenean,

denei erromerian zinela esanda

benetako helburua iristeko presaka:

bilera politiko bat Txemarenean.

 

Sexuaren hastapenetan zenuen gorputza,

lotsa zure masailen ilunabar gorrietan,

sua bihotzean, baina ez amodio gomutan:

Iraultza —hay hombres que luchan un día—

eta gerra zeuden ilusioaren uberan.

 

Zirrara zerien haizean zeuden erantzunei

—hippyak, black panther, deskolonizazioak—,

armak hartzea bekatu izateari utzi zionean

—debutó en ETA descargando una metralleta—;

okerragoa zen herri koldarren kondena biblikoa.

 

Presakako heldutasun baten ezaugarriak

ekarri zenituen zure gaztaro lerdenera,

diziplina, obedientzia, odol hotza

—hiriburua sutan jartzeko behar zena—;

egin ostean jarri ohi zinen urduriena.

 

Bota zenituzten gizon oldartsu askoak

—planifikazioak zekarren efikazia itzela—,

hiru komando zinetelakoan egon ziren,

erori zineten arte, diskrezioa falta,

agian gizakiak ahulen duen saihetsa.

 

Ezagutu dituzu isolamenduak, menu errepikatuak,

argibako egunak, eldarnioz betetako loak,

bizitza kartzelan emateko prest zeunden,

ezjakitun artean eternitatearen minaz,

nola gaztea egon litekeen soilik xalo.

 

Telebistarik gabe lau urtez, beti bakartuta,

denbora pilatu da eztandarik gabe,

ez azkar, ez geldo, ezin ezer espero;

orain zara larritzen lehen larritu ez zinena,

lehen, orain, gero, ezabatuak dituzu oro.

 

Iritsi egiten da dena, ez itxoitea da sekretua,

eta kamerak zain zenituen espetxe atarian,

dotore jarri zintuzten presa sozialek

—edertasuna berez daramazu, pausoan eta irrian—:

Zure begietan mututu ziren hitz antzu guztiak.

 

Inoiz ikusi ez duzun Kubako malekoia zirudien

Kontxako badiak zure amets iraultzaileetan,

baina urteak joan dira denboraren errailetan

—zenbat ote asko, hogeita bi, hogeita hamaika—;

bide gorrien erresuman zaude: hona Danimarka!

 

Pertsonarik alaiena zu zara hemen, zinez,

oraina bizitzen ikasia iragan zantarrean,

ahuldu dira utzitako herriaren aztarnak,

geu ere ez gara jada izan ginenak,

aurkituko ditu forma berriak gure bizi nahiak.