Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

BISITA

 

 

Eta ezer gertatzen ez denean ere,

demagun igande arratsalde

hits batean gaudela,

hiriaren kanpoaldean

langabeziak agortutako

burges txikien auzoan,

anai elbarria bisitatzen edo,

inor ageri ez den egun

lanbrotsu horietako batean...

 

Poema bat egon liteke zure zain,

begira banku horretan

telefono zenbakia daraman

paper muturra,

zenbakia eta bihotz bat ondoan

baldar eta presaka margotua;

begira emakume arabiarra,

bebarrutik uzkur ateratzen,

fraide bat irudi

kalostran iheska;

edo arbola hori, asmatu bere izena,

begira xoxo urbanoaren moko horia,

asmatu noren gelan kantatuko duen

argiaren erreinu bezperatan,

eta zer sentituko duen agian

begiak irekitzeko ikaratan

bizi den ohetiak,

eta zergatik,

nondik nora doazen gure bizitzak,

nola iritsi zaren auzo honetara,

gerokoa hobea izango ote den,

agian auzo hau baino hutsago dagoen

zure etxera iritsitakoan.

 

Ez galdu orain

poema bat aurkitzeko aukera,

zentzu izpi bat, babes edo arnas

ezer gertatzen ez den

igande arratsalde hitsean.