Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ZERTARAKO, BIZITZA

 

 

Bizitza hondatzeko dago!

esan ziguten,

eta berehala hasi ginen

hainbat eredu ikusten.

 

Inbertsio baten gisan

ezkonduak zirenak,

ondasunetan neurtuz

edertasunaren kopurua.

 

Bokazioari bizkar eman ziotenak

tradizioari jarraitzen,

gutxiespena barneratu eta

balio propioak gaitzesten.

 

Iritzi bako jendea

harro bere artaldean,

bidez kanpo doana

tirokatuz mihi puntan.

 

Aurre egiteko beldurrez

klase sozialak irensten zuen

sozialki ere aberatsagoa

izan zitekeen jeinua.

 

Gustukoa baztertuz

diruz hobea zen lanean,

belaunaldi osoak ikusi ditut

hondatzen etsipen betean.

 

Agindu guztiak betez

—ezkondu, umeak ekarri—

kontent geratzen dira

zoritxarra erdietsita.

 

Helburua sufritzea bailitz,

eta bere neurrian

sufriaraztea besteei,

eginbeharra bete dute.

 

Umea ni, ez nuen atsegin

utzi ziguten munduan

egoteko era,

urteak hondatzeko manera.

 

Bizitza bizitzeko dago!

oihukatu genuen euforiko,

ospatu dena, joan dena

ez baita itzuliko.

 

Bizitzen ari zara

jaio zinenetik,

bizi zaitez, soilik,

zeu zarenetik.

 

Hamazazpi urte,

zenbat indar begi-ninietan!

Eman pausoa, orain duzu orena,

imitatzetik izatera dagoena.

 

Babestu ongi bereizten zaituena,

zeuregan daramazu eta

berez zeurea dena:

izango zarenaren altsuma.