Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

MUSIKA JOAN DENEAN

 

 

Mila esker, gorputz,

bizitza gozatzen

lagundu didazulako.

 

Mila esker, eguzki,

lore edo izar,

begiak iratzar zenizkidatelako.

 

Mila esker, umiltasun,

besteen tokian

jarri ninduzulako.

 

Eskerrak zuri, adimen,

gogoari neurria hartzen

erakutsi zenidalako.

 

Mila esker, zuhurtzi,

oporretara joaten

zinelako maiz.

 

Eta nola ez,

mila esker, hatzak,

ukitzaile nekaezin apartak.

 

Mila esker lotsa,

banitate eta harrokeri,

zuen porrota onartzeagatik.

 

Mila esker, ispilu,

neure neurrira

ekartzen ninduzulako.

 

Hitzoi, esker mila,

zenbat ospe

eta entretenimendu gozo!

 

Mila esker, pentsamendu,

soberan zeundenean

desagertzen ikasteagatik.

 

Mila esker, edertasun,

dena bildu zenuelako

inor diskriminatu gabe.

 

Zahar, gazte, nerabe,

adin guztien jabe

egin ninduzuelako.

 

Mila esker, heriotz,

jausitako arrosa

gehiago ez zela

nire eskura bilduko

erakusteagatik.