Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ISILTASUNAREN KRONIKA

 

 

Hostoen dantza haizearen menera,

ba ote gauza ederragorik?

Jakin beharra al dago

hostoak haltzarenak direnik?

 

Haizea dator ipar aldetik,

hego berotik ekaitza,

metaforarik egin behar al da

ulertzeko gure bizitza?

 

Herritik atera orduko

jendea mugitzen dakusat.

Harat-honat, ez dira nekatzen,

zeren bila, nik al dakit?

 

Mugiera da egunaren jarduera,

eguzki geldo, itsaso indartsu.

Geldi dena hila omen da:

Mugi zaitez, bizitzaren jopu!

 

Loreak miresten ditut,

mitxoleten jostun,

zanbuluka airean

hegaldatu ezinaren jakitun.

 

Inora joan ezin dena

geratzen omen da etxean.

Baina errege balitz

irudimenaren erresuman?

 

Larregi mugituz estresa,

geldirik aspermena jabe,

zer egiten zuen jendeak

antzina telebistarik gabe?

 

Agure bakanak geratzen dira

zahar-etxetik begira,

zenbat jakinduria, baina

nehor ez doa haien hegira.

 

Isilik egoteko ikastaroak,

barre egiteko ere bai,

ume galduak gara

bakarrik ibiltzeko ezgai.

 

Duela bi mendeko margoak

ezberdin dira egunero,

gu dena errepikatu ondoren

oheratzen gara gauero.

 

Mendi batek, bere geldian,

sortzen dit konfiantza gehiago

hitzik ederrenetan bildurik

datozen guztiak baino.

 

Ziegan leiho bat aski

aske sentitzeko beti,

begiak ixtea nahiko

zu hurbil sentitzeko.

 

Ura bare doa, halere,

arbolak eta airea freskatuz,

ez du uteroaren oroimenik

tantaz tanta itsasoratuz.

 

Orekaren etsaia da

gizakiaren zarata,

helburu handien atzetik

beti dabil arrastaka.

 

Begira izarrak, zeruan daude,

arbolak unibertsoaren sustrai,

isiltasunik gabe ez nuke

gehiago bizi nahi.

 

Jaio geroztik ibili gara

batera eta bestera,

aski da, iritsi da eta

isiltasunaren bezpera.

 

Egon zaitez seguru

bakea dugula aiduru,

noizbait gauden lekuan

egoten ikasten badugu.