Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
AMODIOAREN LABURPENA
Paradisuaren lehen eguna zinen niretzat,
basoan sigi-saga datorren
errekastoaren freskura berdotsa,
eguneko lehen aparra
gau luzeenei amorruz
erantzuten dieten
oilarren haurtzaroan.
Paradisuaren lehen eguna
25 urteko etenaldiaren ostean,
muxuak esan
eta hitzak mihiarekin
gorputzean idazten zenizkidanean,
nik agindutako binomioei
—poliki, leun, azkar, gogor—
jaramonik egin gabe.
25 urtetan zinera lehen aldiz
eta zu han,
ilunpean ere,
niretzat egunsenti.
Zenbat urte itsasotik aparte!
Bisigu bat Xixariorenean,
eta zu paradisua atontzen,
lehen otoitzaren goiz-alban
hondartza hutsean paseatzeko,
dena guretzat eta
beste izakirik ez
gau haren munduan.
Lehen aldia, 25 urtetan,
larrutan lasai egiteko,
eperik —eta agian begiralerik—
gabe, eta gu,
paradisuaren lehen egunean
soinekorik gabe altzoan.
Gerezi umelak ahoan,
ardoa, kopa ahitzerainoko
zurrutadetan,
olioa azalean,
sartu nahian datorren egunari
jaisten diogun sareta
zoriona luzatuz,
luzatuz,
eta zu eta ni,
paradisuaren lehen egunean.