Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

GARAPEN

 

 

Onbide baten hastapena

izan behar zuen bidaia,

bizitzarena,

Okabidean galtzen da

salbazioaren arauak

ikasi ez zituen

gizakiarentzat.

 

Tira: onar dezagun

pertsona gehienen iritziak

bere guraso eta irakasleen

iritzien aldaera ttipiak

baino ez direla.

 

Baina balego une bat,

tximista baten zarrastada,

ikasitako oihartzunen durundia

kolokan jartzera letorkeena

—zeruaren ezabatze bat

galerna beltzean—,

mundua begiratzeko leiar berri bat

erauzi geniezaiokeen arrosari

saminik gabeko ihintzetan.

 

Oinarrizkoak diren

ideia arruntak:

ez hartzea dena hain serio,

ongi dibortziatzen ikastea,

umeei ume izaten uztea,

lagunei lagun trakets,

ondasunak inor neurtzeko

boteretik desjabetzea...

 

Onbide baten hastapena

izan behar zuen bidaia,

zitalkeriara desbideratu gabe

burutzeko ikasi behar den oro

deitzen baita bizitza.