Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

GARAMATZAN INDARRA

 

 

Gorputzak bere bidea jarraitzen du

naturaren oinatzen barrena,

sena du gidari

buruak harentzat egiten dituen

planak bazterturik.

 

Ez du ulertzen

bazkari luzeen protokoloa,

lagunekin alkohola edan beharra,

udaberrian loratu den

hazia da haren eredua,

udazkenean lokartuko dena.

 

Ezagutzen ditu mugak,

gaixotzeko baldintzak,

baina entzungor zaie haiei

gure burua, hara gure errua:

neurri gabeko ametsetan

iraun nahi zitala.

 

Gorputza dugu gaztelu,

bertan gaude eta hori gara,

entzuten badugu

naturaren antzinako taupada,

dei eginez hesien baitan

aiduru gauzkan orekara.

 

Hasi eta buka,

loratu eta zimeldu,

eta bitartean bizitzera

eman zaigun aldia

gozatzea besterik ez da

gorputzaren jakinduria.