Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ANTZINAKO DESPEDIDAK

 

 

Agur esan behar badidazu

ez dadila tren geltoki batean izan,

ez ditzagun errepikatu

barne-sarraskiaren zeremoniak.

Oroimenik zaurgarriena

horixe baitzait:

geltokiko jende artean

zure kardantxilo ibilerarekin

eta irribarre jostari harekin

niregana etortzen ikustea.

 

Izan liteke agur aseptiko bat

gure amodioari eman genion

ukendu tragikoa

—benetakotzat dukegun

amodio orok behar moduan—

traizionatu gabe?

Ala agurraren ekaitzean

neurtzen da

agurtutakoaren tamaina?

Ezti goria zeukan hasiera

altzairuzko herra

bilakatuko duen amaierak

liluratzen al gaitu?

 

Agur esan behar badidazu

egin ezazu zirujau baten gisan,

zorrotz, zehatz eta azkar.

Ez utzi erromantizismoari

zauria zornatzen,

ez dezatela jakin, begiek,

azken aldiz zaituztela ikusiko

zigarroa abileziaz pizten.

 

Esadazu agur partitzeko tenorea

berantetsi baino lehen,

salba nazazu, beti mesedeak

egiteko prest zinen horrek,

agur esatea erabaki dudala

aitortu beharraren

sufrikariotik.