Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

AGURRA

 

 

Eta besapean hartu, tolestu

eta eraman nahi banauzu,

orri zimurretan haurrek

margotzen duten eguzkia bezala;

edo horman zintzilikatu duzun

argazkitik begiratzea nahi baduzu,

samur eta goibel;

txanpon bihurtu nahi banauzu,

txantiloi, zure esperientziaren

oroigarri —sexurik onena

izan zenuen garaikoa—;

nigandik urrun joan nahi baduzu,

ni bezalako beste batzuen

bila bada ere;

arnasa hartu, gorputz

eta haragi berrien azalak

dasta nahi badituzu, ongi da,

ez baldintzarik

ez ezer ez dizut eskatuko.

Aski dut goizeko

zure lehen pentsamendua

eta gaueko maite zaitut

isil bat,

arku horren koordenadetan

eroso eseri,

orekari bi korapilo egin

eta bizitza hau

—beti egin dudan gisan—

firin-faran igarotzeko

zu gabe.