Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

UNDEFEATED ARMY

 

 

Koadrozko alkandora darama,

galtza inpermeableak

mendirako eta beste

liturgia batzuetarako,

belarrian uztai bi,

zein kartzelatako oroimen

ezin jakin.

 

Behiala gudaroste bat izan zuen

bere esanetara, edo tira,

komando batzuk, utz dezagun hor.

Ez ziren hiletetan salbak

jaurtitzera iritsi.

 

Eta armak eta Goma 2,

4 tona azken inkautazioan,

gainean duen Arrano taberna

bere hiru solairurekin

hauts bihurtzeko adina.

Pentsatu izan du maiz.

Ez pentsa!

 

Kuartel hura bezala,

botoi bat albistegien hasiera

konkistatzeko aski,

bi hilabetetan joan ez zen

bolbora usaina utziz auzoan.

Hil zirenak, edo ez,

arbola idorrak paisaia lausotuan.

Horixe haren memoria, metafora jada.

 

Marxismoaz bazekien lehen

gaur infra-kapitalismoaz beste,

olio zikinean koipeztutako

mila euro irabazten dituenean.

Adi larunbat gaueko mozkor gaiok!

Bazenekite nork prestatu duen

kalimotxoarekin ahora daramazuen

solomo hori, noren eskuek

zabaldu duten piper potoa

granada baten eraztuna legez!

 

Zeinen gogaikarri zatzaizkioten

zuengatik —baita ere—

borrokara sartu zenari!

Baina zer eginen zaio:

erratu egin ziren Herriaren

askapen nazionaleko estrategak,

ostalaritza da armada

garaiezin bakarra,

errekluta berriak bereganatzeko

oztoporik ez daukana,

gaupasa basatien transmisioa

belaunaldi arteko lotura nagusi

bilakatu duena.

 

Agur eta ohore gudari zaharrari,

Estatuari aurre egin ondoren

zorupeko sukalde ketsuan

ogitartekoak prestatzen

dituen heroiari,

heroi orain den

ala lehen izan zen

erabakitzen duen bitartean.