Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

KAFEAREN ORDUA

 

 

Neskak 46 urte dauzka,

eta gaztetan baino ederrago dago.

Haren aldaka-mugimenduek uhinak

sortzen dituzte oinez doanean,

zerbait nahi duela iradokiz

begira dituenei,

haren beharrei arrotz zaizkien

pentsamenduak isiotuz.

Hark ezin, ordea,

ibiltzen ikasi zuen bezala

ibiltzeari utzi.

 

Bulegoan oinarrizko lanak

egin ondoren kafetegira doa,

eta ebaki bat hartzen du

leiho ondoko mahaitxoan;

leku babesa da, argia,

kanpoa ikusi ahal du,

ibaiaz bestaldeko etxeak, eta,

urrunago, mendiak.

 

Aspaldi onartzen hasia da

ito egiten dela herrian,

ito monotonian;

begien ikusmiran hartzen du arnasa.

Maite du daukana,

daukanak ez duela betetzen

sentitu arren.

Oraindik ez du erabaki

hori konformismoa den

edo biziraupen estrategia.

 

Gizon bat eseri da

alboko mahaian.

Ikusi izan du, isilik beti,

gaur zerbait esango dio.

Eguneko momenturik onena!,

eta neskaren irriak

gizonaren irribarrea esnatu du,

lamada bera argitzen duten

bi txingar.

 

Zaharra iruditzen zitzaionak

urteak galdu ditu;

badira pertsonak

hitz egiten hasitakoan

gazteago diruditenak.

 

Mahaitik mahaira hitzak txirikordan,

berera gonbidatu du azkenean.

Zergatik uka atsegin zaiguna?

Aurrerantzean bi dira kafearen orduan,

eta partekaturiko unea lehen baino hobea.

Baina zurrumurruak abiada hartu du,

eta aieruak sendotuz doaz

txikiteoaren bukaeran.

Bikote berria sortu da

mihi gaiztoen tenpluan.

 

Aspaldi ezkonduak direla biak,

bi aspertu bizitasun bila,

ohean elkarrekin ikusten ditu

artalde etilikoaren begiak.

Zirimolan doa susmoa,

lardastu ditu bazterrak,

neskak ezin du gehiago:

isiltasun mingarrien artean,

taxurik gabeko zigorpean,

psikiatra ikusi du.

Hitzen ziztadek errukia ments.

 

Biktima bakarra da, epaile tropela,

gaizto aktiboak eta epel otzanak

arau berberaren ahaide,

bekaitza errepikatzen baino

ez dakitenen esku baitago

herriko justizia emozionala.

Bi dira maitaleak,

baina emakumea

zigortzen du kaleak.

Lagunak ez dira hain lagun,

etsaiak, berriz, zakur.

Umorez despeditu du psikiatrak:

antolatu autobusa

haiek dira eta

psikiatra premian daudenak.

 

Zeozer egin beharko dinagu

hargatik kondenatu gaituztenez!,

dio kafe-lagunak kikara jasota:

Gora Herodoto!

Zergatik, dio neskak algara-minez:

Umorea delako tragediaren antidoto!

 

Neskak 46 urte dauzka,

eta eguneko momenturik onena

—denek kondenatu dutena—

gozatzeko prest doa

gaur ere kafetegira.