Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
BOROBILA ETA PUNTUA
Uterotik mundura,
hori denek ulertzen dute.
Baina mundutik nora?
Hara noraeza
asmatu zuen galdera,
milaka urtetan
erantzun ez duguna.
Edo erantzun izan dena.
Baina hargatik ez da desagertu
gure dardara:
Uterotik mundura...
Baina mundutik nora?
Banaka iluminatuen erantzunak
talde-arau bihurtu zirenean
sortu ziren erlijioak,
izaki askea jopu egiteko
tresna harrigarriak.
Baina aske izan denak
une bereziak baititu gogoan,
beti ditu bilatzen
askatasun izpiak gauean.
Eta galderak lasaitu ala larritu
egingo duen jakin gabe,
existentziarekin erdietsitako
sinbiosi unerik gorenean,
galdera jaurtiko du
lurreko lehen gizaki gisan:
Mundutik nora?
Krudela erantzun falta.
Ala askatzailea, agian,
bakarrik kokatzen duelako
unibertsoaren erdian?
Haratago ere baikaramatza
denboraren jolasak,
norabide ugari dauzkan
haren hareazko hatzak:
Uterotik mundura,
hori denek ulertzen dute.
Baina nondik uterora?
Mundutik nora dagoen hutsunean
ixten baita
uterora nondik
ekarri gintuen zirkulua.