Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

UDAKO GAUAK

 

 

Sentitzeko modu bat,

hamazazpi urteko hura

berpizten da nigan

udako gau epeletan.

 

Belar-ondo usaina,

zure gorputza,

zure bularrak nire eskuetan

txori-kume beldurti.

 

Ezpainen gutizia,

ilea euritan blai

eta zure blusa ere bai.

 

Bizikletan estu-estu eginda,

bedatsean etzanda,

berriak ziren sentimenduak,

beroak ziren hotzikarak

gorputz lerdenetan.

 

Hiltzeko beldurra

ezabatu zenidanetik

bizitzara itsatsita utzi nauzu,

zure sexu lurrinera lotuta

nire gogoa.

 

Izarrak zeruan,

errekaren murmurioa,

hostoen xuxurla,

itzalak, estropezuak,

ukitze baldarrak,

eta azkenik, biluzik,

haragiaren ausardia eta beldurra,

bat-egite miragarri bat

inoiz amaitu behar ez zuela

zirudien plazer asearen epizentroan,

behin eta berriro bisitatu arren

gehiago berdina izan ez den

zirrara sentitu nuen gauean.