Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
JAIOTZA AGIRIA
Uterotik haurtzarora gara jaiotzen,
artopil eta gaztaina erreak
errege ziren erresumara.
Hori da promesa guztia.
Hamalau urterekin
berriro jaiotzen gara,
oraingoan bizitzara
doa zuzenean gezia.
Gorputza dugu, lehen aldiz,
eta geure-geureak ditugun
sentipenak, begiak, lurrin
eta azalaren ikarak.
Erekzioak eta arrakala ubelak
datoz desioaren mezulari,
nor naiz ni, gorputz naizena
ala hegaldatu nahi lukeena?
Lurmentzen ari dira
zainetako harriak,
hamalau baldintza ekarri zizkizun
izotzaroko orratzak.
Garaitu beharko, ezinbestez,
arnasa higatuaren zaindariak,
osotasuna laurden erdira
mugatu nahi luketenak.
Eten mozorroaren josturak,
ederra zara, berez,
urrezko begietan
zauzkatenen txinpartetan.
Bizitza osoa iraun dezakeen
udaberri batean zaude;
izan zaitez zarena,
zarena izan zaitezen beti.