Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

AZKEN ANEMONAK

 

 

1919ko abenduaren 3an

Pierre-Auguste Renoirrek

errezel horiak irekitzeko

eskatu dio neskameari.

Anemonak margotu nahi ditu,

Nénette xaloak lorategitik

ekarri dizkionak.

Argia motela da,

baina bere paletako

kolore apurrekin

gai sentitzen da

jadanik gozatu ezin duen

bizitza horren edertasuna

oihalera ekartzeko.

 

Les colletes-en bizi da,

500 urteko olibondoek

inguratzen duten etxean;

hauek eraitsi eta ezpalak

Nizako oroigarri

saldu nahi zituen

espekulatzaileari

aurrea hartu dio.

Bertatik itsasoa ikusten du;

giza-morrontza guztiak

atzean utzi dituenaren

bakea eta energia ditu zainetan.

 

Pintzela Artritisaren minak

zurrundu dion eskura

lotzeko eskatu,

soka batekin, guri-guri,

kaballetearen aurrean eseri,

paleta txukun-txukun belaunetan,

eta arrasto ikusezinak marrazten

hasi da mihisean,

teoria guztietatik aske,

begia gidari, eskua dantzari.

 

Ordu batzuetan,

gogoa loreetan,

erabat ahaztuko ditu

gorputzaren minak.

Ez du amaituko bere azken lana.

Pintzela kentzeko keinua

egin dio Nénetteri,

eta esango du

konortea galdu aurretik:

Uste dut zerbait ulertzen hasi naizela!

Ohean etzango dute margolari zaharra

eta gau hartan hilko da.

 

Broma edo tragedia ote da

zerbait ulertzen hasteko

amaierara iritsi beharra?

Egunero iratzartzen baita nigan

zerbait ulertzen

hasi ote naizen sentipena,

eta uneoro amatatzen,

ume bihurriari

urruntzen zaion

ostadarraren gisan.