Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ZEPOA

 

 

Zer dauka bakardadeak,

zein ikararen jabe da

bizitza osoan

haren ihesi

ibilarazten gaituena?

 

Begiak pantailetara so,

belarrietara entxufaturik musika,

mehatxu egiten digu muezinak

esnatu orduko:

Kontuz isiltasunarekin!

hurrupatuko zaitu, ezerezaren

dimentsio higiezinetan!

 

Gerra pentsamenduari!

 

Utikan bide propioak!

Ez kuestiona ezer,

ongi funtzionatzen du denak,

lerratu lozorroan zahardaderantz,

berriro entxufaturik

suero-jarioaz disekatuko

zaituzten ospitaleko tximeleta.

 

Dirua bada konbentzio nagusia,

izan konbentzional!

Ez aldendu tributik,

korri omenaldi, afari

eta jaien tourra,

izan ero urtean behin

inauterien hasperenean.

Estoldak espiritu askeez

beterik daude

zinikoek okupatutako

etxeen azpian.

 

Zer dauka bakardadeak?

Zer isiltasunak, ez bada

haurtzaroan kamustu ziguten

indar basatia aska lezakeen

denbora eta espazioaren

elkargune arriskutsu direla?

 

Bizi, bizi haien ihesbidean,

eta agian ohartuko zara

—ez nago ziur baina

ez al da ikaratzekoa?—

hiltzear zaudenean

laurogei urte

daramatzazula hilda.