Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ERABAKIA

 

 

Erabaki bat

eta maite ez zenuen ogibide batean

iraungiko dira zure egun hitsak.

 

Erabaki bat

eta nostalgia zure zainen erbestean,

New York, Hong Kong edo Sao Paulon.

 

Erabaki bat

eta hiru umeren aita

inoiz maiteko ez duzun pisuan.

 

Erabaki bat

eta 25 urte emango dituzu

bihotza berotu ezinik espetxean.

 

Erabaki bat

eta gehiago ez begien aurrean

bera gabe ezingo zinela bizi

uste zenuen hura.

 

Erabaki bat

eta Himalaian hilotz,

izotzaren irribarre basatia

zure aurpegi zurian.

 

Erabaki bat

eta berreskuratu ezin litekeen

guztiari agur, good bye.

 

Erabaki bat

eta beste ez-erabaki baten

higadurak erreko dizkizu erraiak.

 

Hartzeko aske izan ginenak

zein unetan eta nola

bihurtu ginen hartutakoaren morroi

konturatu arte...

 

Erabaki bat.