Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
ILINTI BAT EGUNSENTIAN
Esnatu zara,
egunsentiaren altsumak dira
zure begiak,
zabalik utzi zenuen
pertsianaren hutsartean.
Lehen soinuak
dituzu ebasten,
txori kantuak,
oin hotsak auzoan,
trafikoa urrunean.
Garbi zaude,
eder eta fresko,
duela bi ordu eskas
belarretan pausatu den
ihintz tanta bezain,
ordu erdiko bizitza baino
geratzen ez zaion
kristal iheslariaren haurride.
Haize berria zara,
atzokoaren ezberdin,
bare duzu arnasa,
zure gogoaren nasa,
eta izaki ororen
ondasunik preziatuena
duzu eskura:
beste egun bat
bizitzeko aukera.
Izan zaitez arin,
egon zaitez erne,
pentsamenduek argia
irents ez dezaten,
oroitzapenek eta damuek
zure lumaje koloretsua
belztu ez dezaten.
Eutsi epifaniaren mirakuluari,
munduaren neke zaharrak
garaitu ez zaitzan.
Lotarakoan agur
esango diozun eguna
diamantezko ihintza
izan dadin,
gozatu ondoren
ihes egiten
utziko diozun printza.