Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ARRATS-AURRE

 

 

Pasiotik galdu du gehiena.

Lotsatik, berriz, dena.

Lotsa, zarena galarazteko

txertatu zizuten

mekanismoaren izena—.

 

Desioaren eztena,

naturaren opari,

naturak berak daki

leuntzen hobeki.

 

Gozatu ez izanak

dakar hobena,

galeraren pena,

eragozpenak gainditzen

jakin ez zuenaren

zoritxar azkena,

errepasoaren orduan.

 

Lotsatik ezina,

ezinetik barrua

kiskaltzen duen sua.

Desiratu genituenei

eman gabeko laztanak

mahasti ihartuak dira,

oroimenaren ezpalak.

 

Zilegi baitzen erailtzea,

lapurreta, bihotz nobleen triskantza,

baina ez maitatzea, antza,

garai triste batzuetan,

berdin dio nor, nola,

proiektuarekin edo gabe.

 

Pasiotik galdu du dena,

eta pozik dago halere:

ahitu du ahalmena,

taburik gabe gozatuz,

gozatua muga gabe emanez

lotsaren gerra ere

—benetakoa zenik

inoiz sinetsi ezinik—

irabazi zuenak.