Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

ERRESPETUA

 

 

Horrek gauza arraroak

pentsatzen ditik,

esaten zuten niri begira.

 

Txibiak harrapatzera joan behar diagu,

eta niri txibiak begitantzen zitzaizkidan

itsas hondoan, duin,

euren bizitza bizitzen.

 

Nork emana zigun eskubidea

haiek handik erauzi,

krudelki erail

eta platoan jaki bilakatzekoa?

Txibiek kurrixka egiten balekite

negar eremu erogarria

litzateke itsasoa,

goizeko bostetatik bederatziak arte.

43 txalupa Oriotik Zumaiara bitartean,

itsasoa garrasika ipiniz egunero.

 

Gizakia, animaliarik koldarrena,

gizakia, animaliarik ahulena,

arropa jantzi beharra daukan bakarra,

bere azalera naturalak balio ez diona

mundu honetan egoteko, hargatik

beste animalia guztien mendekatzailea.

 

Hegaztiak begiratzen nituen,

arkumeak, oiloak edo oreinak,

eta ezin nuen irudikatu

bizirik zegoen ezer hiltzeko

baimenik neukanik,

munduko fauna nire azpilaren

hornitzaile izan zitekeenik.

 

Antxoak harrapatzen gauaz,

milaka, tonaka zilar bristada

sarean saltaka,

hauek ere atera ditugu

haizearen asfixiara,

frijitu ondoren haien edertasuna

zimurturik erakusteko tabernan.

 

Nondik dator

bizirik zegoena

hilik ikusita

plazer sentitzeko agindua?

 

Horrek gauza arraroak

pentsatzen ditik,

eta bakean uzten ninduten,

zerbait desegokia esateko

aukerarik eman gabe,

badaezpada.