Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
SOLASALDIA
Hiltzea erraza dela diote
munduko edozein izkinatan.
Hiltzea zaila dela diote
ospitalean daudenek,
tresnak eskura eduki arren.
Ez dietela joaten uzten
joan nahi dutenei ere.
Ez dela erabaki litekeen zerbait.
Mistika gailentzen zaio fisikari.
Haurtzaroan nahi gaituzte, halako
bilakatu dute zahartzaroa ere.
Pistola bana eman behar litzaiguke
erretiroarekin batera,
baina zikina omen,
epaitegiko langileei dagokiela
hormako odola garbitzea,
lehenaz aski estresatuak daudela.
Ez jardun gauza horiei buruz
—esan dit amak—,
neu nago hiltzetik hurbilago
eta ez dut ezer entzun nahi.
Zurea bai erosoa,
osasun betean zaudenean
heriotzaz hitz egitea.
Idatzi gauza politei buruz,
Maitasunaz, adibidez.
Ez da beti dagoenean bonbon.
Bere aroak baditu.
Maitasuna 15 urtetik
25era bitartean da ederren.
Emakume sortu bazina
jakingo zenuke,
eta gure garaian are azkarrago.
25ekin ardurak hartzen genituen,
eta hor amaitzen zen
amodioa, eta haren berriketak.
Hamar urterengatik
merezi du gainontzekoak?
Gaur baietz esan dezaket,
bihar igual ezetz.
Dagonean merezi duela,
baina ez dagoela ohartzerako
zahartu zarenean...
Galde egiezu beste batzuei,
eta ikasiko duzu
aurretik egon den
sufrimenduaren araberakoa dela
heriotzaren neurria.
Hor duzu gaia.