Batekoz besterako ibilaldia dugu Pako Aristik egin duena. Gazterik publikatzen hasi zen arren, ez dugu berandu samar arte ezagutu bere poesia. Ezohikoa dugu halako traiektoria gurean. Bere prosazko lanek ageri zuten nortasunagatik egin zen Aristi berehala idazle jarraitua. Kazetari ausart eta irudimen apartako nobelagile, trebakuntza luze baten ondoren hasi zitzaigun poemagintzan. Eta ezagun du. Ez du formak obsesionatzen, ez da saio ritmikoetan laketzen, ez du musikaltasuna bilatzen (be harbada musikoa delako), ez da hitzen ozentasunaz arduratzen... Poetaren ezaugarri edo baliabideen jabe izan gabe, edo haietaz gabetuta, da poeta Pako Aristi. Beste kontu batzuek kezkatzen dute. Bere poesiak ez dauka ezer prosaikotik ezta poema nahitara xikintzen duenean ere, baina poeta honek daukan kongruentziaren sena, prosan luze jardun izanak ematen duena da. Bere poesian ez dago beharrezko ez den edergailurik, nekez isuriko zaio estereotipo lirikorik, hitz bakoitza da pertinentea. Hainbesteraino, non poemaren tituluak berak testuaren barne motibo bezala jokatzen duen. Poema dekoratu minimoz jantzi behar den jokalekua da. Pako Aristiren poesian, izan ere, akzioak dauka garrantzia, pertsonaien ibiliek eta esanek. Poeta oso kontzientea da idazten duenaz, eta ardura honek angelu bereziak hartzera behar tzen du batzuetan, tabernako mahai edo gabon arbolako bonbila bilakatuz. Izugarri zaintzen du ikuspuntua Aristik, garrantzi handia ematen dio kamerak egin behar duen tiroari: bere poemek gidoiak dirudite, ipuintxoak, filme laburrak balira bezala irakurtzen ditugu. Zergatik diren poesia eta ez prosa, zaila da teknikoki zehazten, baina oso erraza esaten: autoreak badaki lilura sortzen, magia dauka.
Anekdota zaintzeak ez du anekdotikoa egiten, beraz, Aristiren poesia. Kontaerak transzenditu egiten du kontatua, eskaintzen zaizkigun estanpek indar berri bat hartzen dute, batzuetan sinbolikoa, bizitik ida tzira. Indar hori areagotu egiten dute aldizka ageri diren metafora bikainak. Intimismoari nolabaiteko bizkar-emate batez, poetak egunerokotasunaren eta arrunkeriaren trufa askatzailea egiten du, geure burua erakusten digu euskaltasunaren jatorkerian, baserri munduaren kaletartasuna erakusten du, paradoxak biltzen ditu... Iritziak emateko duen kemenak korronteaz bestera kokatzen dute berriro ere Pako Aristi, kritika soziala egiten digunean ez-ofizialtasunaren ofizialtasuna jartzen baitu kolokan bere umorerako jaidurak. Urruntze horrek egiten du hain berezko eta beharrezkoa bere poesia. Eta baita poema guztiak lotzen dituen hari existentzial mehe batek ere.
Pako Aristi (Urrestila, 1963) idazle anitza da, ia genero guztiak landu ditu: artikulugintza (Bezperan entregatu nituenak), ipuina (Auto-stopeko ipuinak), saiakera (Euskal kantagintza berria), erreportaia (Venezuela, iraultza isilaren hitzak), eta haur literatura. Giro liluragarriko hiru nobelako trilogia (Kcappo, Irene, Krisalida) idatzi zuen oso gazterik. Urregilearen orduak du azken nobela.