Castletowneko testamentua
Bihotz Izoztuen Herrian
ez da egurrik falta sukaldeak berotzeko,
ezta ikatzik ere parriletan okela samurtzeko,
baina nekez aurkituko duzu
gogoa berotuko dizun ahurrik
edo haragia samurtuko dizun hatzik;
Bihotz Izoztuen Herrian
bada amets ederrik darionik,
eta baita egindako ametsen damuaz
patsa mingotsa isurtzen duenik ere.
Bihotz Izoztuen Herrian
amuarrainek ezin dute jakitunen hitzik erabili
isuri toxikoak salatzeko,
hitzen pisuaz hondoratu eta
errekan gora joan ezinik geratuko ez badira;
Bihotz Izoztuen Herrian
gauak egunaren uzta bildu nahi izaten du
ordu txikietako irrati-esatarien ahotsean.
B.I.H.an gudak suntsitu gabeko basoak
ugariak dira oraindik,
baina inork ez du aizkorak arboletatik
atera zezakeen tablarik nahi;
B.I.H.an ez dago aditurik
trenaren azpian hildakoak
istripuz erori direnen eta
afektibitate ezak bultza dituenen
artean bereizten dakienik.
B.I.H.an badira
ahantzi ezin diren gauak eta
erraz ahanztekoak izango ez diren gauak;
B.I.H.an amonek Emile Zolaren liburuak
hostogabetzen zituzten beheko sua indartzeko,
anartean irakurtzen ez zekiten biloben eztairako.
B.I.H.an munduaren amaiera
Aratz-Erreka moduko herri batean dago,
erromatarrek Fisterra seinalatu arren:
bertan bukatzen da kaminoa eta kitto;
B.I.H.an bozgorailu erraldoietatik
jaurtitako heavy musikaz erortzen dira
udazkenean hosto durduzatiak.
B.I.H.an ez zioten Vivaldiri utziko
arrabita bat egitearen estakuruaz
behar zuen zuhaitza botatzen;
beleentzat gordetzen dira makal beltzak,
bero saparen erreminean haien itzalpean
babes daitezen.
B.I.H.an ez da erraza
ekaitz erauntsien astinaldietan
babeserako Castletownik aurkitzea,
baina oraindik ez da falta
amesten dugunaren existentzia balizkoan
sinestea bidezko dagien sorgintasunik.
B.I.H.an itxitako lantegien tximinia hilek
langabetuen haragian balek irekitako
hodiak dirudite,
bizitzaren itxaropena aberria ala hilaren
artean borrokatzen den bitartean.
V I.H. birusaren izan bera dauka B.I.H.ak,
eta txanpon bakarraren bi aldeak izan daitezke
Filologiako irakasle handiek siglak
homologatzen badituzte bederen,
eta ez baten edenarentzat
ez bestearen ifernuarentzat
dute aurkitu txertorik arratoiek.
Eta horrela,
esan nahi genituenak isilduz eta
isildu behar genituzkeenak esanez,
bizi gara Bihotz Izoztuen Herrian,
bihotzei elikadura icebergen zain urdinetatik
heltzen zaien herrian,
bizitzak heriotzaren antz sarriegia duen
herri berberean.
w1996