Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-28-2
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2014, poesia
2003, poesia
 

Arratsaldero biltzen ziren,

sei eta erdiak aldera,

tailerretik irtendakoan.

Uztapiden ematen zioten hasiera,

eta gero jakinekoak zetozen:

Atanorena, Riojanoa, Taosa, Joxerena...

Itxi-eguna tokatzen zitzaion

taberna izan ezik

ez zuten hutsik egiten.

Ardo beltz-mikatz berbera bakoitzean.

Pintxorik ez.

Inoiz ez zuten bezperako

eztabaidarik berritzen.

Zazpi taberna pasatzen zituzten,

bina aldiz bakoitza.

Azkenean, apetitorik gabe,

afaria haientzat ez zen

ondoren elkartean kafe konpletoa

hartzeko aitzakia besterik.

Partaide berriak onartzen zituzten

azterketa zorrotza gaindituz gero:

sarberriek ezinbestekoa zuten

edaten, egoten eta hitz egiten jakitea,

baina batez ere bere txandan ordaintzea.

45 urtekoa zuten

bataz besteko bizitza epea.

Behin greba egin zuten,

txikitoko duro bat igo zelako

ardoaren prezioa:

bi arratsalde enparantzako aulkietan eserita

tabernariek galeraren neurria dastatu arte.

Basoerdiz basoerdi finkatzen zuten

lagunarteko babesa,

denbora pasari aspermena xahutuz,

tailerreko obedientziari

ardailaren erotsa kontrajarriz.

Txikiteroak:

ardoa edaten zuten

erle laborarien gisan

lagunarterako eztia sortuz,

bizitzaren mikatza gozatzeko

bide bakarra bailitzan.

 

Hori zen, behintzat, haiek zekitena.

 

w1998