Etsiaren harian
Aldizka
poema bat egoskortu egiten da,
eta hormatu,
orriari negar
eginarazi nahi liokeen
idazlearen luma-puntan,
hala nola hormatzen den musika
boxeoko eskularruekin jotako
flautaren sehaskan.
Batzuetan, poema batek
existentzia ukatzen du tematsu,
ezezko setatiaz.
Ez du jarri nahi, esaterako,
John Berger-en ahotan,
Moskuko hilerri hartako urkiek
zeruaren eta lurraren arteko
solasaldi-modu bat ziruditela.
Zenbaitzutan,
Axularri berari ere errespetua galduz,
poema batek ez du
«Goiz heltzen diren pikoak
maite ditu nire arimak»
erranez bizi nahi.
Beirazkoa legez den
giza bizitzaren hauskortasunaren
ezagun,
poema bat gai da,
etsipenaren ordu makurretan babestuz,
gazterik hiltzera zihoan
Eusebio Lorenzo gailegoaren
sentipen hilurrenak
isiltasunaz arnasusteko,
«Ahanztura galdu genuen hura
maite-gabetzea da»
esan gabe utziz.
Aldizka,
poema bat isiltasuna bortxatzearen
aurka ateratzen da,
ezer esan gabe beteagoa ageri den
espazioa orbantzerik
ez du onartzen;
alferrik da
arratsaldearen mugetan
bistaraztea:
elur azpian
izoztutako zantzuak
dira bere hitzak.
Bizi nahi ez duen poema bakar batek
poesiaren eraikin guztiei
desafioa jaurtitzen die,
eta horren aurrean
idazleari ez zaio
kristal finezko kopa hartu
eta Errioxako ardo ona edatea
beste eginkizunik gelditzen.
Ez da, hori,
bere gerla.
w1998