Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-28-2
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2014, poesia
2003, poesia
 

Gaueko rapa

 

Badakik honez gero gaueko

harrapakinek raparen zinkuriaz

ematen dutela etsipenaren baimena,

harrizko pausoen gainean

gaueko arriskuen bila hoalarik,

badakik sega ordu batetik aurrerako

gauean agertzen diren pelaje

arraroen odolantsi dela,

inoiz ez duala lorik egin

sentiarazten dian nekeak

itzulbideak hersten dizkialarik;

antzigarraren kristalezko zirrararen

beldur haiz eta hator,

badakik eta badudala

hire begi berdeen sumendia

baretuko duen gauza magikoa;

izerdi patsetan dardarka hago

gauak ikaztu duen etxe aurrean,

jakinik gauaren baitan daudela

arriskuak oro

eta gaua hire baitan ere badagoela;

ilusioa langabezian uzten duen

adinetik burutu nahi hukeen

ihesaz kutsaturik

iritsi haiz, badakik eta

lagun guztiak zilarrezko xiringa

bategatik ahantzi zituen

berunezko aingeru nahi haudala:

orain helduko nauk ni hiregana

xiringaren melar-kaletik

hire zainen askatasunean lokartzera,

hiretzat Castletownik gabeko gau anpuluan.

 

w1996