Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-28-2
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2014, poesia
2003, poesia
 

Genesia (praktikan)

 

Izar bat erori zen zerutik

gorosti baten kontra erdibituz.

Zati bakoitzak, tximeleta bilakaturik,

hegadari ekin zion,

eta haizea kilimatu zuen.

Haizeak esan zion tximeleta pareari:

«Bilaka zaitezte nire ezpain,

maite dudan mendia

zuen musuez laztan dezadan»

Tximeletak, ezpain bilakaturik,

mendia musukatzera jaitsi ziren,

baina katuak ehizatu eta begietako nini

bihurtu zituen, gauez hobeto ikusteko.

Hazi eta hazi, katua tigre egin zen.

Behin gizon bat ikusi zuen oihanean,

belaunen gainean eskua mugitzen:

poeta bat zen.

Tigrea gehiagotan ikusia zeukan,

eta begirik ederrenak

iruditu zitzaizkion tigrearenak;

lilurak erasanda,

bi txingar haientzat izen bila hasi zen,

sukarretan deskribapen poetikoak idatziz,

hitz multzo haiek noizbait

hitz berri bat sortuko zutelakoan.

Tigreak hori ez zekien

eta jan egin zuen poeta.

Odol putzua lehortua zen poetaren semeak

aitaren pildak aurkitu zituenerako;

koadernoa jaso zuen oroigarritzat,

baina deskribapenen lilurak erasanda

ageri nahi zuten hura bilatzera abiatu zen.

Egun batean tigrea urrunera ikusi

eta tira egin zion.

Gezi pozoitsuek tigrea hil zuten,

baina hurbildu zenerako

koloreek ihes egina zuten bere begietatik.

Gero emakume bat ezagutu zuen,

ninietan zafiro kolorea itsatsirik,

eta koadernoko hitz uholdearen iturburua

zafiroa zela pentsatuz

bere maitasuna agertu zion,

emakumeak erdeinuz erantzun zuena.

Gauerdian, negarrez, gailur batera igo zen,

eta begiak zerura jasota,

ilunaren bisaia euren argiarekin

edertzen zuten izarrak ikustean,

bere bilaketaren abiapuntua

handik eroritako zerbait izan behar zuela

ulertu zuen. Eta izar deitu zion

malkoak zilarreztatzen zizkion argiari:

Zeruko AR-kuan

izana berezkoa

        berezia

        berea duen

                        IZA-ki bizia.

 

w1998