Hizkuntz politika
Oskarbia eta Zohardia hitzen artean
ba al dago harremanik?
Bai, sinonimoak dira,
baina giza egoera ezberdinei
erantzuten diete.
Zohardia da
arrantzale zelarik
Gran Soleko mareen errosarioan
osasuna galdu eta, orain,
Pariseko kaleetan,
kartoizko ardoarekin
hezur-muinak berotu
eta goseak uxatzen dituen
eskale zuberotarraren ohea;
oskarbia da
Donostiako bikote
euskaltzale eta argiak
Deustun karrera bana bukatu
eta, Liernin ezkondu ondoren,
Pariseko ezkon ibilaldian
hoteleko ohearen abaroa utzi
eta egunpasa ateratzeko
behar duena.
w1996