Ohiturak IV
Erauntsia den bakoitzean
auzoko emakume bat
leihora ateratzen da
euria ikustera.
Badirudi munduak ez diola ardura
euriak paisaia malenkoniaz
zipristintzen duenean ez bada.
Guztiari bizkarra emanda
bezala bizi da.
Horren froga haizeak eramandako
telebistaren antena:
hutsune bat hara nora jaurtitzen
baitute antena enparatuek
auzoetxeetatik ostutako
bakardadea.
Festa egunetako musikak
ez du iratzartzen ahal
bere begi ninietan lokarturik
zetzan ostadarra.
Badaki ogia egiten,
badaki orduak harilkatzen
gauaren etorreran
babesgarri zaizkion artilezko
kaltzetak bailiren.
Ezpainetatik erori eta
bularra erregadiatzen dion
ardoaz egiten du amets.
Baina erauntsia den bakoitzean
leihora ateratzen da:
hori du bere ahulaldia,
euria baita iraganak hitz egiteko
behiala aukeratu zuen hizkuntza.
w1996