Genesia (teorian)
Eurite izugarri haiek atertu zituenean
jendea ttarra-ttarra bizitzen
eta haizeberritzen hasi zen ostera,
baina artean ez zion eremu hari
«Ama-lur» esaten,
haien imajinazioarentzat kontrajarriegiak
baitziren bi izenon esanahiak
metaforaren habian elkar-laztanean uzteko;
«Harri-lur» esaten zioten eremu umelari.
Garia, artoa eta arbia ereiten hasi zirenean,
sagarrondoak loretan ikusi zituztenean
eta aziendarentzat bazka-pentzeak samurtzen,
haien artean mintzo-eder zirenetakoak hautatu eta
naturarekin hitz egitera joan ziren.
Agertu zitzaien goroldioa,
bera baita harriaren ordezkari,
eta honela esan zioten:
«Goroldio, lurralde ona da
munduaren bazter hau,
emankorra gizabere asekaitzentzat
eta lasaigarria bihotz-arima izutuentzat;
hemen nahi genuke bizi gizaldi guztien
azkenera arte
zeruaren erauntsiek errespetatzen bagaituzte,
lurreko izozteek urte osoak irauten ez badituzte,
gure untziak itsasoratze orotan hondoratzen ez badira.»
Isilik geratu ziren,
eta orduan goroldioak, oso hiztuna ez izaki,
esan zien:
«Ea bada nola irabazi nahi duzuen
nire goikoen errespetua!»
Eta jarraitu zuten,
euren proposamena
hitz bakoitza kontuz-kontuz aukeratzeak
indartuko zuela oharturik,
esan behar zutena ondo neurtuz:
«Lur honen gainean guk eraikiko dugun guztiari
kokapenaren izena jarriko diogu,
leku horren ezaugarriak laburtuko ditugu,
ondorengo gizaldi guztietan
gure senideen senideek jakin dezaten
nolakoa zen gure eskuetara
iritsi zen mundua,
nolakoa zen paisaia
guk era guztietako eraikinak kokatu aurretik.
Gure zubi, etxe, jauregi, zelai, baso
eta malkar bakoitza
naturak berak izendatuko du;
horrela, otea latz dagoen tokian
egindako baserria Otalaztegi izango da,
haranaren ikusmira bereganatzen duen
gaindegiko jauregia Haranalde,
metal-ura datorren mendi barrena Iturriotz,
eta larra zegoen tokian hura garbitu
eta jasotako etxea Larrarte.
Horrela, naturak bere memoria gordeko du,
eta mendeen hondarretan sortuko direnei
adieraziko die Zumiztiko baserria
zumitzez inguratutako soilgunean eraiki zela,
eta Aldaizpeko zubia justu
aldats erpin baten azpian zegoela.
Hori izango da gure omenaldia:
naturak izendatuko ditu gure bizitokiak,
eta horrela naturak iraunen du
gure ondorengoen ahotsean.
Izenik gabe iraungo duen izanik ez baitago.
Gure hitza beteko dugu
naturak errespetatzen gaituen bitartean,
munduaren bazter honetan
bizitzen uzten digun bitartean.
Eta noizbait eragiten joango garen
aldaketa guztiak izendatzeko gure hitza
ahazten zaigun orduan,
zorigaiztokoak izan gaitezela
gu eta gure ondorengo sasikume guztiak.»
Goroldioa liluratuta gelditu zen,
naturako animalia, landare eta gauza guztiek ere
iraun nahi baitzuten gizakumearen hitzetan,
eta ezinobea iruditu zitzaion proposamena,
eta handik aurrera denak patxadan
bizi zitezkeela erabaki zuen,
munduaren leku hartan ziren guztien izenak
ahaztu beldurrik gabe,
eta berez oso hiztun handia ez zen goroldioari
mihia nagitu egin zitzaion
eta denbora gutxian mutu gelditu zen.
Eta naturak ere bere errespetuzko hitza
betetzen zuela ikusi zutenean,
gizakume haiek «Ama-lur» esan zioten
munduaren zati hari,
hain landare eta arbola emankorrak zituenak
gizabere asekaintzentzat,
hain lasaigarri eta eder ikusmirak
bihotz-arima ikaratuentzat.
w1998