Garenaz gaindi
Ni naiz
Pello Lizarralde
izan nahi zuen
gizona,
agian
Pello Lizarraldek berak
artean Pello Lizarralde
izan nahi ez zuen garaian.
Bekainen marrarekin batera
ematen baitzaigu izana ere,
eta izanera horri eustearen edota
gizartearekin samurrago letorkeen
beste batera makurtzearen arteko
borrokari
agian
bizitza esan lekioke.
Hona Pello Lizarralde:
(Zumarraga, 1956)
lanik egin gabe bizi nahi eta
urtebeteko eszedentzia hartu zuen,
idazteko, munduan zehar ibiltzeko,
benetako plazerra irakurtzea dela
(eta ez idaztea)
deskubritu zuen arte.
Urri idazten du,
eginbeharrek uzten dioten
denbora are urriagoan
(zinera ere joan beharra baitago);
nobela laburrak, ipuin laburrak,
hatz artean
kotxe-aseguruen
gutunantzeko lodiera duten
liburuak erdituz.
Gogoa duenean soilik idazten du,
eta oraingoz ez dauka
egunero bost orduz lehertzeraino
bere burua murgilaraziko dion
nobela pisutsua idazteko gogorik.
Ez zuen Idazleen Elkartean
izena eman,
uste baitu (Hemingwayren antzera
eta idazle gazteei exenplua emanez)
sari-elkarte guztiek idazleari
bakardadea arintzen laguntzen diotela,
baina ez hobeto idazten.
Haserretu egiten da
«puenting», «surfing» eta antzekoak ikasi
eta hitz zaharrak ahanzten dituztenekin:
udaberri oso bat eman zuen
ipuinen batean
«ezkerraihena»rentzat leku bila.
Hain da gozatsua idaztea,
eta hain astuna idatzitakoa defendatzea!
Ni naiz
Pello Lizarralde
izaterik lortu
ez zuen gizona,
agian Pello Lizarralderen beraren ezinustean:
garenaz gaindi ezin ihes egin,
asteko egun bakoitzak
izaeran bere markaren azalerrea
itsasten digun bezala.
Hemen datza
Pello Lizarralderen
bekaitzaz
ahi gelditutako gizona,
agian
Pello Lizarraldek berak
Pello Lizarraldez horrelakorik
sentituko ez lukeenean,
bekaitza ez baita
(bizi-modu bat bilakatzen ez den artio)
beste-lakoa izan nahiak
eragiten digun barren-ekaitza
besterik.
w1998