Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
GAURKO OROITZAPENAK
Kezkak? Zeintzuk?
Lagun zaharrak aurkitzea
tximeleta hilen katalogoa
irakurtzea lakoa da:
Txaleta saldu behar izan dut,
langabezian nago,
aurre-jubilatuko naiz laster...
Hain urrun
Ezerk axola handirik
ez zigun garaietatik.
Dena ikusteko, dena egiteke,
ezberdin enkontru bakoitza,
loreetan etzaten ginen
zikin-beldurrik gabe,
akaso gonak gehiago
jasotzeko grina zainetan,
piztien lagun, agintarien etsai
Janis Joplin hil berritan
—ala Bob Marley zen
gure omenezko marihuanaren errege?—.
Lau teilatu entzunez
hondartzetan egiten genuen lo
—non etxetik kanpo baino hobeto?—,
aurpegiak hurbil, eskua gerrian,
euria egingo ote zuen
kezka bakar,
ezerk axola handirik
ez zigun garaietan.
Selektibitateak?
Agian amaituko ez genituen karrerak?
Lehen aldiz aire purua
arnasten ari nintzen
sentsazio hura,
ez zegoen besterik,
haur jaioberriak ginen,
bizitzaren jabetzara iritsiak.
Badoakit bizitza ezer pilatzeko
lanik egin barik,
ez badira uneak, musuak
edo estasiaren oihuak.
The House of the Rising Sun
aski zitzaigun
—Eric Burdon, hammond blues—
hegaldatzeko urrun,
urrun zitzaigun dei batengana.
Hamazazpi urte genituen,
edo hamalau, edo berrogei,
berdin zaio,
zorionaren ilunpe zitezkeen
maratila guztiak ostikoz
apurtu behar izan ditut
nintzenari eusteko
naizenaren oskolean:
bizitzaren jabetzara
iritsi berria den haurra,
aire purua arnasten
munduaren goiz-alban.