Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

MAITASUNA ZERGATIK

 

 

Hitzak behar ditugu

isiltasuna maite dugula

esateko ere.

Ezin isilik maitatu

sentipen hutsaren hasperena.

Ezin adierazi gabe utzi

ezer adierazi gabe

hobeto geundekeela.

 

Mendia maite badugu

zergatik argazkiak erakutsi?

Hura han gelditu da

zu jaitsi zarenean,

airea ez duzu ebatsiko

zure kameran,

izotza, orbela,

elurraren prismak.

Zergatik paper ofizialean idatzi

izartegia bularrera dakarkidan

maitearen izena?

 

Gustukoa egin nahian baina

egindakoa esplikatu beharrean

gauzka bizitzaren amarruak,

gustukoak gero eta urriago

eta adierazteko modukoak

gero eta maizago

egiten hasten garen arte,

egitera goazen ekintzak

gero esan beharko ditugun

hitzen neurrira inausiz.