Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

EGIA DEBEKU

 

 

Gertaera larri guztien egia

dakitenak badaude,

esaterako, tiroka hil zuten

herritar hura,

norbaitzuek badakite

nola eta zergatik,

besteak beste

tirokatu zuen berberak.

Eta gehiagok.

 

Disidentea lurperatu zuena ere

gure artean dago,

gauero datorkio

leku zehatzaren gomuta,

arboladi hura, zelai bat gero,

bidezidor lokaztuaren jomugan.

 

Bizitza igaroko zaie,

egia inori esan gabe,

joango dira isil,

astun edo arin,

ezingo dugu jakin

zer hormatu zen

haien baitan,

eta zeren babesean,

Estatu baten arrazoia, agian,

edo ideal batzuen pipiak

azken arnasaraino lokartuak.

 

Sarekadan hildako lau gazteak,

36 bala batek, 42 besteak,

koartada kolektiboaren aitzakian

isiltasunaren eskubidea

irabazi zuen armadun talde hura

gure artean bizi da,

igaroko zaie bizitza,

joango dira isil,

hobetu zizkieten soldatarekin

aurrera egin zuten

seme edo alaben

malko artean.

 

Torturatu bakoitzeko

sei laguneko talde bat dago

ikararen egia dakiena,

bi torturatzaile

—bata on, bestea gaizto—,

haien buru zena, medikua,

epaile demokrata bat

eta haren idazkaria,

ken ile hori betaurrekoen gainetik.

 

Isilik egotea erabaki dute

dena jakinik

dena argitu lezaketen horiek,

orri zuriak utziz

gure historiaren liburuan,

eta pena bikoitzak

hurbilekoenen bihotzetan,

bortxaz galdu zutenari

egia ezin jakinaren

kondena gehituz.

 

Halere hor daude,

gure artean,

hemen dabiltza.

Eta egia dakite.