Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
TESTAMENTUA
Porrota leunagoa da
Frakasoa baino,
baina sentimenduen hiztegia
pozoitzen daki:
hitz bat aski
urmael gardena uhertzeko.
Galtzaileak besteak dira beti,
hirugarren pertsonan
idazten dira elegiak
eta historiaren egiak,
Porrota, hitz hori,
txertatzen dizutenean.
Gogoaren ahulezia besterik
ez baita porrotaren onarpena,
lehen errebelde zenak,
erresistente edo separatista
orain hiztegietan
terrorista izaten
amaitu duenean ibilbidea.
Euskal Herri, gerlarien habi,
bizikidetza akritikora
soildu duten arbola,
festa-jantziz apaindutako
zubiak eskainiz
menpekotu gintuztenei.
Besteek esan diotena
onartzen duenean
—sufritzen ikasteko,
nazio tzarraren adabaki izateko—
sinatzen du herri batek
porrota, kapitulazioa
behialako gerla hizkuntzan.
Baina hitz sorta bat aski du,
arbasoen hiztegi zaharrean
bilatuz etorkizun diren argudioak:
bihur gaitezen hitzen gerlari,
gazteluetako murruak
hauts bihurtu direnean
ez da beste armarik
gogoaren gotorlekua
defenda dezakeenik.
Porrota, hitz hori,
isola dezagun birusa legez,
garaitu gintuztenen bakeak
lekurik har ez dezan
gure pentsamenduan.
Izan zena ezagutzea,
eta izan litekeena
irudikatzea aski baitu
edozein herrik
gerla berriak sortzeko.