Arrotz eta eder
Arrotz eta eder
2016, poesia
136 orrialde
978-84-92468-85-0
azala: Xabi Erratzu
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2014, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

DESIOEN KRONOLOGIA

 

 

Gaztetan desiratu izan ditut

emakumeak, parrandak, motoak,

sariak eta aitorpen sutsuak,

mundua hobeto gozatuko nuelakoan.

 

Ahazturik, ordurako,

umetako gurari sinpleenak,

ezer egin gabetan

oinarri zutenak,

belazeetan etzan,

lagunak uretara bota,

irakurri, galtzak moztu,

Zalakain eta Enid Blyton,

arboletara igo

edo poemak kopiatu

nik bakarrik dakidan harentzat.

 

Baina nola heldua zarenean?

Zertaz gozatu?

Jomuga berriak aurkezten zaizkigu:

Boterea, ospea,

mesedea zor dizutenen

begirada malgua

eta min egiteko

beste aukera guztiak,

sexu arruntak jada

asetzen ez duen

lujuriaren bide arriskutsuak,

bilaketa baten nekeak

zipriztindutako itsaslabarretan.

 

Desioa goiburu duenak

bizitza gozakaitz sarritan,

egunik ederrenean hondartzan

mugikorrari so pasieran

doan neskaren gisan.

Berera adi,

itsu beste guztira.

 

Dena itzultzen da ondoren,

dena dakar itzulian gero

neguko hondartza abandonatuak

bilakatu garenean,

erresuminak, on egiteko

galdu genituen aukerak,

eta gurari sinpleenak,

ezer desiratu gabe ere

dena daukazula sentitzea,

begiak zabalduta bakarrik.