Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
MODULAZIOAK
Nola laranjak sasoiaren amaieran,
azala idortzen zaigun heinean
zaporetsuago gara geu ere;
ugaritu zaizkien pipiten antzera
—fruitu ororen legera—
hasten gara isurtzen haziak
denboraren hondora.
Zerbait esan nahi, zerbait utzi;
irabaz litekeen borroka bakarra.
Lanbrotutako bailaretan
lepoa tenkatuz ostarte bila
helburuek astun bilaka gintuzten
garaietatik ihesi,
dagoeneko mina ahaztu duten
orbanak egurasteko
—antizikloiak dabiltza pantailan—.
Zimurren uhinpeko naufrago,
mundua koloretsuago
bilakatzen da deblauki.
Non zeuden alga gorrikara hauek,
goroldioaren berde kuaternariokoa,
egunsentiaren zilar zaharra?
Noiz ikasi dute begiek ikusten?
Arnasaren urtaroak iraungi ahala
askapena den paisaiak
isiotu ote ditu?
Xerloak urdindu ahala
gero eta biluziago
gustatzen zait dena,
azalorea urdaiazpikorik gabe,
adiskidantza ponparik gabe,
programarik ez amodioan,
tragediarik ez despedidetan.
Leiho bat, eta argia.
Edo gau bat, eta soinu haiek.
Amets guztien erlastura iristean
koloreen eztanda basatiaren erdian.