Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
Aurkibidea
EGUNSENTIAK
MUNDURA ESNATUAK
GERLA ISILAK
BALAK ETA IZARAK
ARROZTU GINTUZTENEI
Galderak beheko suaren aurrean
AROEN LEGEAN
SOSEGUAREN TAUPADAK
BIOGRAFIA TTIKI BAT
21 urte zenituen 1983an,
eta lerdena zinen,
zure jaioterriko
lertxunak bezain,
eta amets egiten zenuen
—Una luz cegadora, un disparo de nieve—
noiz baretuko zuen
metrailetaren kantu-hotsak
barrunbea iraultzen zizun ostotsa.
Paseo Berriko ubazterrean, bihozbera,
kondena luze baten bezpera
bizi zuten lagunei
igortzen zenien kresal-lantua,
eta elur guztiak.
36 urte zenituen 1998an,
eta zaildua zeunden,
moztuak ile-kiribilak,
zeu zinen orain
suntsiketaren txandan,
euririk ezagutzen ez zuen
zeru baten itxituran,
egun lanbrotsuak gogoan,
kaioak Getariako hondartzan
Irlandatik zetozen baporeei begira,
alga usaina iraileko ilunabarretan,
eta herri bat.
Han al dago? Bizirik ote?
Lau, bat, hiru bost zazpi,
euskal diskoak debekatu zizkizutenetik
ezin duzu kanta ahantzi.
51 urte zenituen 2013an,
lertxun bilakatua zinen
zaindariak ere izutzeraino,
tantai, begirada tenkor
pausoa bizkor.
Kezkatuta atera zinen,
zu non zer izango,
baina, batez ere,
herririk ote zen egongo,
bailara berde haiek, txalupak
lehen baino koloretsuagoak,
iraupen soilarekin etsiko ez duen
arnasa baten bila.
Lagunak hor zeuden, maitea itzuli da,
eta hemen zauzkagu,
nor izan zen ia ahaztu duen
herriari begira,
horrekin ere bizitzen
ikasi beharko duzun
egunsentian.