Poesia kaiera
Miroslav Holub
itzulpena: Karlos Cid Abasolo
Poesia kaiera
Miroslav Holub
itzulpena: Karlos Cid Abasolo
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-90-4
Miroslav Holub
1923-1998
 
 
Hitzaurrea
Beńat Sarasola

 

         Menturaz, ez dira erraz uztartzekoak zientzia eta poesia, bataren arrazoimena eta bestearen sentsibilitatea. Ezagun dugu, baina, artegintzan salbuespenetan topatzen ditugula maiz emakari ederrenak. Miroslav Holub-ek, bada, horixe gorpuzten du nolabait. Zientzialaria —immunologoa— ofizioz, poesiari eskaini zizkion aisialdiaren ordurik preziatuenak. Behin aitortu zuenez, Txekiako Idazleen Elkarteak ikerlari gisa jasotzen zuen soldataren halakoa eskaini omen zion bi urtez buru-belarri poesiagintzan jardun zezan. Eskaintza baztertu zuen batetik ikertzeari utzi nahi ez ziolako, eta bestetik, poesia idazteko denbora guztia izanda lerro bakar bat idatziko ez zuen beldur zelako.

         Holuben inguruko gorabehera hauek guztiak hutsalkeriak lirateke baldin eta haren poesian bere ofizioaren arrastorik ez balego. Baina Holuben poesian begirada zientifikoa ez ezik haren lengoaia eta haren galderak ageri dira behin eta berriz. Bi mundu ustez hain banandu horien uztartzeak arriskuak eduki bazituela kontziente zen, baina artez erabili zituen metafora zientifikoak, Mikroskopioan poema ederrean adibidez.

         Denak ez dira, halere, zientzia kontuak. Humanista antzinakoen erara, espiritu eta so ireki eta zabalekoa zen, eta horregatik, munduarena eta jendearena den orok zuen kezkatzen. Esaterako, poemotan bere herriaren (Funtzionarioa) zein, oro har, gizateriaren historiari (Napoleon) buruzko aipamenak topatzen ahal dira, gehienetan begirada kritiko-ironikoz. Harentzat historia ez baitzen kontu itxi eta determinatzailea, Arbaso handiak poeman ageri denez: “birusetatik substantzia heredagarri gehiago ditugu / haiengandik baino”. Soslai humanista horretatik uler liteke halaber klasikoekiko (Arkimedes) edo filosofiarekiko (Kant) interesa. Holubek ondo ikusarazten digu jatorrian zientzia, filosofia eta artea bat eginik zeudela. Gogoan hartu bestela zer jartzen zuen Platonen akademiaren atarian: “ez bedi sar geometriarik ez dakienik”.

         Plzeň-en jaio zen 1923an, garaiko Txekoslovakiako mendebaldean (gaur egun Txekiar Errepublika). Bigarren Mundu Gerraren amaitzearekin, Pragara joan eta immunologo ibilbideari ekin zion. Aurretik ale solteak argitaratu bazituen ere, 1958an plazaratu zuen bere lehen poema liburua, Denní služba (Eguneroko zerbitzua), eta gerora hamar liburu gehiagotik gora argitaratuko zituen, gehienetatik poemaren bat aurki dezakezula Karlos Cid-ek itzuli eta apailatutako antologia honetan. Hala ere, ez zen samurra izan Holuben publikazio ibilbidea. Bere herrian arrazoi politikoengatik zentsuraturik, atzerrian argitaratu behar izan zituen liburu gehienak harik eta 1979an betoa kendu zioten arte. Hala, batez ere mundu anglosaxoian, sona handia eskuratu zuen, eta XX. mendeko bigarren erdiko Europa erdialdeko poeta handienen artean kokatu izan dute. Horren adibide da Penguin Modern European Poets bilduma kanonikoan sartu izana, R.M. Rilke, Eugenio Montale, Vasko Popa edota Anna Akhmatova bezalako poeten alboan.

         Txekoslovakiako Gobernuarekin izandako liskarrek ez zioten bere herriarekiko urruntzerik ekarri; hango ohitura eta tradizioek ere oihartzun egiten dute-eta Holuben poesiagintzan. Poema batean karpak arrantzatzeari buruz dihardu, zeina Gabonetako jaki preziatua den haren herrialdean; beste batean Kafkaren hilobian idazten du, kaieretan antologatutako beste poeta batek, Mallarmek alegia, Baudelaireren hilobian idatzi nola.

         Bistan denez, poeta bakana izan zen Holub, bakana bere herrian zein atzerrian, nahiz eta, tamalez, gurean apenas izan dugun haren berririk, 1991n Maite Gonzalez-ek Hegats aldizkarirako itzulitako zenbait poemaz landa.