Poesia kaiera
Poesia kaiera
Antonia Pozzi
itzulpena: Joannes Jauregi
2025, poesia
64 orrialde
978-84-19570-53-6
Antonia Pozzi
1912-1938
 
 
Hitzaurrea

 

      Antonia Pozzi Milanen jaio zen, 1912an. Goi klaseko familia dirudun bateko alaba izaki, hala formakuntzarako nola aisiarako aukera izan zuen, bidaiatzekoa besteak beste. Milango Unibertsitatean filologia ikasi (Flauberten gainean egin zuen tesia), eta irakasle aritu zen gero, baina argazkilaritza eta poesia izan zituen bizigai batik bat: milaka argazki eta ehunka poema utzi zituen. Eta, bi jardun horietarako, hiria bai baina batez ere Lombardiako inguru menditsuak izan zituen inspirazio, haren familiak villa bat baitzeukan han, Pasturon.

      Gailurrak eta magalak, basoa, likena, zeruak: Pozziren obran natura da jokaleku, hari eta isla. Behatzaile zoli, idazleak egoeren eta lekuen erretratu zinezkoak egiten ditu. Eta lekua eta denbora elkartzen diren ardatzean, berriz, argazkirik onenetan bezala, hortxe argia: “Mendien eta lainoen erlaitzetik / gainezkatzen da arratseko keinua. / Eta altxatzen da gaua, / ene itzal eskerga”. Argi bat, hain zuzen, elur zuri xaloaz gain elur zikina ere erakusten badakiena. Izan ere, zenbait adituk diotenez, 30eko hamarkadako faxisten erregimenak eta haren “arraza legeek”, besteak beste, nabarmen ilundu zioten ikuskera existentziala eta poetikoa Pozziri, eta antzematen zaio italiar poeta krepuskularren eraginik ere. Miresmen lirikoz (Elurra Grappa gainean), samurtasunez (Bihar) eta are mistiko idatzita daude zenbait ale (Alpeak), baina baita malenkoniaz, etsipenez eta iragarle sen ilunez ere.

      “Zeren gu, fruta-mamia bezala, / lur hezetik sortu baikinen”: natura “gu” da, itxuraz ez dago bereizmugarik, eta, beraz, bataz aritzea besteaz aritzea da. Baina natura, norbere burua bezala, berdin suerta liteke hurbila eta lagunkoia zein urruna eta arrotza. Poema hauetan makina bat aldiz aipatzen da “bestaldea”, eta isolamendu garratza darie ale batzuei; sarri, gainera, giro oniriko batean bilduta: ametsa esperantza gisa bai, baina baita errealitatera iristen uzten ez duen erreinu urrun gisa ere. Ez alferrik, La vita sognata du izenburu, Bizi amestua, Pozziren poema sorta ezagunenetako batek.

      Haren obrari oro har behatuta, ale deskriptiboak dira asko, baina baita narratiboak ere, konfidentzialak tartean. Hainbat poema aski laburrak dira, eta lerroak beste hainbeste, zangalatrauen bidez edo ondorioz maiz; hizkera, berriz, laua da, neurtitzik eta errimarik gabea, edonork ulertzeko modukoa. Hitzak argiak izanagatik, ordea, idazkera ez da hain gardena: hitz soilek osatzen duten multzo maiz hermetiko samarrak tartea uzten du interpretazio iradokitzaileetarako.

      Gazterik hil zen Antonia Pozzi, 1938an, eta bizi zen artean ez zuen publikatu poema bakar bat ere. Haren heriotzaren ondoren, baina, haren aitak bildu eta plazaratu zituen (baita kimatu eta zentsuratu ere, diotenez), Parole izenburupean. Hasieran ez zuten ospe handirik izan, harik eta edizio kritikoak ateratzeaz bat zenbait kritikari eta idazle Pozziren obra laudatzen eta sustatzen hasi ziren arte, hala nola Eugenio Montale, Munduko Poesia Kaierotan lehendik ere ezaguna duguna, zeinak “purutasun eta sentsibilitate aparteko arima” gisa deskribatu baitzuen Pozzi.

      Urteekin, fama hartu ahala, beste hizkuntza batzuetara ere itzuli dituzte haren olerkiak. Joannes Jauregik arreta delikatuz ekarririk, hauxe dugu Pozziren poesia euskaraz irakurtzeko lehen aukera.

Maialen Berasategi Catalán